Feminismoaren historia

Feminismoaren uhinak (edo olatuak edo boladak) esamoldea erabiltzen da emakumeak herritar gisa egindako aurrerapenen ibilbidea adierazteko. Feminismoaren uhinak hiru etapa nagusitan sailka daitezke: lehenik, feminismo ilustratua (Barrokotik Frantziako Iraultzara arte); bigarrenik, feminismo liberal-sufragista (Seneca Fallseko Adierazpenetik [1848] Bigarren Mundu Gerraren amaierara arte); eta, hirugarrenik, feminismo garaikidea (1968tik XXI. mendera arte).[1]

Feminismoa modernitateko tradizio politiko, demokratiko eta berdintzaile bat da.[1] Feminismoak gizarte erlazioetan aldaketak proposatzen ditu; gizarte berri bat eraiki nahi du, emakumea libre izan dadin, hierarkiak ezabatu daitezen eta sexuen arteko desberdintasuna desager dadin. Horrez gain, esan daiteke feminismoa ideia sistema orokor bat dela, eremu guztietan (familia, hezkuntza, politika, lana eta abar.) emakumearen egoeraren ikasketa eta analisia abiapuntu duena. Feminismoak, orobat, asimetrian eta sexu menderakuntzan oinarritutako erlazioak ezabatzea du helburu.[2]

Feminismoaren uhinak zer diren eta nondik datozen ulertzeko, beharrezkoa da XVII. mendeko egoera aintzat hartzea. Garai hartan, norbanakoaren nozio berria planteatu zen, filosofia politiko barrokoaren barruan. Gainera, mende hartan norbanakoa izaki abstraktu eta determinaziorik gabetzat hartzen zen. Ikusmolde sozial hori amaitu zen herritar izatearen aukera zabaldu zenean. Beraz, demokraziaren printzipioak ezartzen hasi zirenean, norbanakoa gizaki libre kontsideratzen hasi zen.[3]

  1. a b (Gaztelaniaz) Amelia Valcárcel. (2012). Feminismo en el mundo global. Cátedra ISBN 978-8437625188. (Noiz kontsultatua: 2023-06-20).
  2. (Gaztelaniaz) Susana Gamba. (2008). «Feminismo: historia y corrientes» Mujeres en red (web.archive.org).
  3. (Frantsesez) «Déclaration des Droits de l'Homme et du Citoyen de 1789» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search